Urdaibaiko erreserban, eta batez ere bokalearen gunean, erabilera- eta interes-mota asko daude, eta, askotan, nekez dira bateragarriak.

Segimendu ez-intrusiboko KOSTASystem-en instalazioak zuzeneko informazioa eta lortutako datuen analisitik eratorritako produktuak eman ditzake. Horiek oso interesgarriak izan daitezke gune horretan egiten den jarduera guztientzat, eta, garapenari dagokionez, baldintza dinamikoen (olatuak, korronteak, itsasoaren maila…) eta sistemaren elementu sedimentarioen konfigurazio-baldintzen (kanala, barra, hondartzak, dunak, sakonuneak…) mende daude. Baina are eta interesgarriagoa da, prozesu horiek guztiak, eta azken finean, estuarioaren dinamika osoa gehiago ezagutzeak ekar dezakeen onura (aldaketak ulertu eta bilakaera aurresanez), estuarioaren erabilerak uztartzean (dragatzea versus eraberritzea edo erabilera ludikoa).

est_mundaka

Hala, gunearen erabileran interes partikularrak dituzten jarduera nagusi batzuk azpimarra ditzakegu, besteak beste:

Nabigazioa: bokalean eta estuarioaren inguruko sakonunean daude Mundakako portua eta bai artisau- bai aisialdi-arrantzarako ontzien ainguralekuak. Nabigaziorako, honako hauek pizten dute interesik handiena: parametro ozeanografikoen zuzeneko kontrolak (olatuak bokalean duen altuera, korronteak eta itsasoaren maila) eta estuarioaren guneetako nabigazio-baldintzen segimendua (barraren eta nabigazio-kanalaren egoeraren segimendua, sakonuneen egoeraren segimendua…).

Inguruko naturaren balio handiak sortutako interesak: Euskal Herrian natura-interesik handiena duten guneetako bat da Urdaibaiko Erreserba. UNESCOk biosferako erreserba izendatu zuen, eta hura osatzen duten elementuak eta ekosistemak eraberritzeko eta berreskuratzeko askotariko jarduerak egiten dira. Hala, KOSTASystem tresna egokia da estuarioaren elementu morfologikoen —hondartza, dunak, kanalak…— bilakaeraren ikerketa eta segimendua egiteko, eta jarduera horretan egiten dira gaur egun ahaleginik handienak. Gunean eragiten duten baldintza ozeanografikoen (olatuak, marea…) eta elementuen (sakonuneak, hondartzak, kanalak…) oinplano-egituraren etengabeko segimendua egiteko aukera ematen du KOSTASystemek. Marearteko gunearen topografiaren segimendua erraz egiteko edo batimetria eta korronteen abiadura zenbatesteko aukera ere ematen du.

Industria-jarduerak: Astilleros de Murueta da gune horretan interes-gatazka duen industria-jarduera nagusia. Ontziola horiek estuarioaren barnealdean daude. Beraz, aldian behin dragatzeak egin behar dituzte, beren ontziak atera ahal izateko, sistema-mota horien sakonerak asko aldatzen baitira. Beste dragatze bat planifikatzean, oso lagungarria izan daiteke gehiago ezagutzea sakoneraren une bakoitzeko egoera eta sistemaren jokabide orokorra eta hark gerora izan dezakeen bilakaera.

Erabilera ludikoa: euskal kostaldeko hareatza guztiek erabilera-presio handia jasaten dute udan. Urdaibai jende gehiena hartzen duen guneetako bat da: harea fineko hondartzak, sarbide egokiak eta hirigune nagusietatik nahiko gertu egotea dira horren arrazoiak. KOSTASystemek kostaldearen erabilera-mota horren segimendua egiteko aukera ematen du. Baina, horrez gain, estuarioaren bokalean, “Mundakako barra” izenez ezagutzen den sakonune hareatsu bat dago. Batetik, haren forma, neurria eta aldakortasun txikia, eta bestetik, surferako aproposak diren eguraldi eta itsas baldintzen ikuspegitik duen kokapen ezin hobeari esker, kirol horretako nazioarteko erreferentzia bilakatu da Mundaka.

mundaka1mundaka2

top

Dipu
Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatua